Ingo Niebel: “XXI. mendeko sozialismo abertzalea eraikitzeke dago”

(kazeta.info) Ingo Niebel kazetariak gaztetatik lotura azkarra du Euskal Herriarekin. 1960an bere aita Gernikara etorri zen urte batez, egun egoitza kultural dotore bilakatu den Astra fabrikan lan egiterat. “Alemaniatik Espainiara zihoala pentsatuz abiatu zen baina beste herri batekin egin zuen topo, eta harek zizkidan lehen pintzeladak eman”, azaltzen du idazle koloniarrak. Kazetari alemaniarrak “Histoire politique du Pays Basque” liburua publikatu berri du Gatuzain argitaletxearekin.Zerk hurbildu zintuen gure herrira ?
1960ean nire aita Gernikara etorri zen urte batez, Astra lantegira lanera. Alemaniatik Espainiara zihoala pentsatuz abiatu zen baina beste herri batekin egin zuen topo, eta harek zizkidan lehen pintzeladak eman. Nik txikitan ez nuen halakorik sinesten eta entziklopediari so egin nion ea munduko estatuen artean euskal ikurrik zegoen egiaztatzeko. Han ez zen ikurriñarik ageri. Aitak horren zergatia azaldu zidan. 1975ean, euskal gaia bortizki sartu zen gure etxera. Maiatzean guardia zibilak Iñaki Garai eta Blanca Salegi bikotea hil zituen Gernikan; nire aitaren lagun onak ziren. Handik urte batzuetara elkarrekin herri horretara bidaiatu genuelarik harek Gernika alemaniar abiazioak suntsitu zuela zehaztu zidan. “Gure aitonek?” galdegin nion. Geroztik, Euskal Herriarekiko lotura piskanaka sendotzen joan naiz, nire bidetik, beti ere aitarekin iritziak eta esperientziak trukatuz.

Alemanian zein oihartzun du Euskal Herriak ?
Nere aitak duela berrogei urte aisturrez moztu prentsa artikuluei so egin ezkero, gaurkoekin antza handia dutela erran nezake. Komunikabide tradizionalek ikuspegi madrildarretik fokuratzen dute gaia, besterik ez. Espainiar prentsan irakur daitezken artikuluen errepikapena direla iduri zait, ez dut estilo espezifikorik aurkitu, agian ezkerreko komunikabide batzuen baitan soilik. ETAk jardun armatua utzi zuenetik informazioak ez dira asko aldatu, atxiloketa “ikusgarriak” daudenean enteratzen gara euskal aferaz.

Biztanlerian, orohar,”separatismo” euskaldun eta katalandarraren auzietan ulertezintasuna da nabari, garai napoleonikoetatik alemandar politikak batasunaren ildoari segituko diolako, ez bereizketari. Sensibilitate bat falta da, herri ttikiek euren modura eta hizkuntzekin bizitzeko duten eskubideen inguruan.

Preseski, Katalunian independentziaren aldeko aldarriak gora egin du. Eskozian erreferenduma antolatuko dute datorren urterako. Euskal Herria gibelean gelditzen ote da ?
Besteekin aldekatzea ez da, nere ustez, komenigarria, ez indibidualki ez kolektibo gisa. Hiru herriek helburu berdina ukanik ere, bakoitzak bere bidea aurkitu behar du, abiapunduak, paisaia politikoak eta erritmoak esberdinak baitira. “Kopiatu eta itsatsi” formulak ez du balio: espainiar gobernuaren posturak ez du britainiarrarekin deus ikustekorik. Zapatero eta Rajoyren negoziaketarako negazioek ez naute harritzen, espainiar konstituzioaren sintoniarekin bat egiten dute, hots “batasun nazionala” estaturik gabeko nazioen menperaketaren bidez. Jarrera hau estatu horren eta bere eliteen idiosinkraziaren parte da, indarraren arrazoia, zeruertz politiko eskasa eta gatazken konstruktiboki konpontzeko gogo falta.

Galdera da, nola gainditu oztopo horiek ?
Politika posiblearen artea da Otton von Bismarck-en hitzetan. Euskaldunen sorkuntzak eta irmotasunak izanen dira giltza. Arrantzaleek Amerikako bidea aurkitu zuten bezala, herritarrek estatu independiente bat egiteko modu aproposa atxemanen dute.

Aieteko konferentziak urtea bete ostean, egoera blokatua dagoela iduri zaizu ?
Negoziaketaren ukatzea, dudarik gabe, prosezu politikoaren eta irtenbideen aintzinarazteko traba garrantzitsua da. Halere, Aieterekin eta ETAren erabakiarekin, ezker independentistak mugimendu abagune handia lortu du, lehen ez zeukana. Gatazkaren erresoluzio alorrean hasteko, baina ez bakarrik hor. Noski, egokiena Rajoyek eta Hollandek Brian Currinekin berehala hitzegitea litake elkarrekin pausoak egiten hasteko, baina imobilismoak eta ezjakintasunak ez ditu tamalez hartara bultzatuko. Analisiak, irudimena eta pairamena behar dira orduan, gaurko egoera aldatzen lagunduko duten estrategien diseinatu eta aplikatzeko. Ez da errexa izanen denak arin joan behar duen garai honetan. Alta, haurdunaldi batek bederatzi hilabete behar dituela onartzen dugu. Lasaitasuna, zuhurtzia eta iraunkortasunarekin aritu beharko da.

Presoen egoerak zoin mailatan interferitu egiten du?
Alde batetik, preso eta exiliatuen etxera itzultzeak ETAk disoluzioa aditzera ematera ekar lezake, erakunde armatua irtenbideen prosezua maila berri batera eramateko prezio horren pagatzera prest egon ezkero. Parisek eta Madrilek hala eskatzen ahalko liokete, neurri hori euren jendarteen aintzinean justifikatzeko. Opzio bat besterik ez da, beste askoren artean, gehienbat gaur egun gobernu espainiarrak disoluzio hutsa galdegiten baitu, baldintzarik gabeko kapitulazio gisara. Ikuspegi honek ez die tamalez mota honetako gatazka armatuen soluziorako metodologiei laguntzen.

Beste aldetik, bi estatuek, espainolak bereziki, presoak instrumentalizatzen dituztela iduri zait, lehenik eta behin gaixorik daudenak, agian erreakzio bortitzen bat probokatu eta iraganeko metodoetara itzultzeko. Eginmolde zinikoa da jendeen bizitzarekin jokatzen baitu, legediari errespetu gutxi erakusteaz gain.

Ezker abertzaleari dagokionez, zein bilakaera ikusi diozu?
Josu Muguruzaren erahilketaz geroztik hasi nintzen mugimendu hori hurbiletik segitzen, beti ere “kanpotik”, hau da Alemaniatik. Borroka lubaki politiko eta ideologiko batetik burutzen zela iduri zitzaidan orduan, egoeraren erruz, nahiz eta taktiketan malgutasun falta somatu, ez oinarrizko printzipioetan. 1998an “Egin” egunkaria itxi eta Lizarra-Garaziko akordioek porrot egin zutenean zen beharbada lubakien aroa bukatu, ilegalizazioen hasierarekin. Klandestinitate egoerek sakoneko aldaketak galdegiten zituzten eta dinamika horrek ekarri zuen “Zutik Euskal Herria” ildoa 2010ean. Nere ustez, bai ETAk eta bai ezker independentistak tresna politiko eta estrategia berrien bidez egoera berri baten sortzea jakin dute, baita aldaketa horiei adaptatzea. Hortik jalgi dira koalizio berriak eta disoluzioak, bestelako egituretan integratzeko.

Irlandako prosezuan errepublikanoen arteko disidentziak aipatzen dira maiz. Halakorik gerta liteke hemen?
Disidentziarako arrazoinak askotarikoak dira, pertsonak gara eta taldearen beharra dugu baina ez bagaude gustora urrundu gaitezke. Plano politikoan hitz egin ezkero, banaketa nori zaio onuragarri? Disidentzia zein egoeratan eta nork eragiten duen hurbilagotik begiratu beharko litzateke. Kasu guzietan automatismoak ez dira ibilki, Irlandan halakorik gertatzeak ez du erran nahi Euskal Herrian ere gertatuko direnik, zirkunstantziek dute erabakitzen.

Ezker abertzalearen “sozial-demokratizazioa” leporatzen dute batzuek. Lehenik hitz horien gibelean bakoitzak zer ulertzen duen adostu beharko litake. Alemanian molde gutxiesgarrian erabiltzen da, adibidez marxista leninistek sistema kapitalistaren erreforma aldarrikatzeari ekiten diotenean, betidanik suntsipena eskatzen zutelarik. Esker abertzaleak hamar urte baino gehiago iragan ditu ilegalizaturik, alderdi propioa ezin eraikiz eta lan ideologikoa ezin behar bezala uztartuz. Politika egitea zilegi zitzaionean egunorokoari eutsi behar zion, esate baterako udaletxe baten kudeaketan. Horregatik ezker abertzaleak arau kapitalistak onartu ote ditu? Ez dakit hala ote den, denbora eman behar zaio.

Lehendabizi Sortu alderdiak bere burua nola definitzen duen ikusi behar da, eta gero zein neurritan garatuko duen “XXI. mendeko sozialismo abertzalea”. Agian, orain, normalizazio politikoarekin horretarako aukera ukanen du, errepresio frankistaren eta ilegalizazioen oztoporik gabe.

Leave a Reply

Your email address will not be published.

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.